
Arratzuko Udalak Manu Leginetxe omendu du eta seme kuttun izendatu du
Arratzu Zapatuan 41 arratzuar Manu Leginetxe bizi den herrira joan ziren eta herriko seme kuttun izendatu zuten.
Egoitz Atxikallende
Arratzuko Udalak antolatuta, zapatuan 41 arratzuar Gudalajarako (Espainia) Brihuega herrira joan ziren. Izan ere, Manu Leginetxe Belendizko kazetaria azken hogei urteetan han bizi da. Arratzuarren asmoa azken aldian osasunez nahiko makal dabilen herriko kazetariari babesa ematea eta omenalditxo bat egitea izan zen.
Bidaia 07:00etan hasi zuten, Arratzuko Loiolako plazatik, eta autobusean sei ordu egin ondoren heldu ziren Brihuegara. Leginetxek esku zabalik hartu zituen.
Alkarriako haranera bertaratutako arratzuarren artean gaur egungo alkate Josu Sabin Olano eta bi alkate ohi, Jose Luis Zallo eta Manu Mestraitua, ere egon ziren.
Herriko armarri bat eta aginte makila eskaini zioten Leginetxeri. Horrez gain, Arratzuko seme kuttun izendatu zuten zapatuan egindako ekitaldian. Herritarrek ere eraman zioten oparia, Arratzuko baserrietako produktuz betetako otzara ederra, hain zuzen ere.
Begoña Arazosak ere parte hartu zuen bidaian eta, aipatu duenez, Leginetxe «oso hunkituta eta pozik» agertu zen herritarren bisitarekin. Arazosaren esanetan, Kazetaritza Sari Nazionala, Urrezko Luma edo Ortega y Gasset sariak hartu zituenean baino hunkituago zegoela jakinarazi zien Leginetxek bere herrikideei. «Arratzuko auzokideen bisita inoiz hartu dudan saririk onena da», esan zuen kazetariak.
18:45 aldera, berriro autobusera igo, eta goizaldeko ordu biak inguruan heldu ziren Arratzura.
Irailean etorriko da
Dituen osasun arazoak direla eta, Leginetxek ez du askorik bidaiatzen, baina irailean Arratzura etortzeko asmoa duela adierazi zuen. Izan ere, Arratzuko Udalak Manu Leginetxe izeneko parkea inaguratuko du irailean eta bertan egongo dela baieztatu du kazetariak. Inauguratuko duten parkea Belendiz auzoan dago kokatuta.
Leginetxek 52 urte inguru daramatza Arratzutik kanpo bizitzen, baina oso lotura handia mantendu du jaioterriarekin. Munduan egon den toki bakoitzean zabaldu du Arratzu herriaren izena.
Bere herriarekin duen konpromisoa ere erakutsi zuen Arratzu Gernika-Lumotik desanexionatu zenean, 1992an. Gandiagak, Laura Uruburuk eta Leginetxek desanexioaren aldeko idazkia aurkeztu zuten Gernikako Udalean. «Oso garrantzitsua izan zen hiru herritar hauek desanexioari eman zioten bultzada», aipatu du Arazosak.
Guadalajaran ere maitatua
Manu Leginetxe Brihuega herrian ere oso maitatua eta errespetatua da. Izan ere, bera bizi den etxe ondoko plazak bere izena darama.
Hitzaldia
Kepa Dieguezen hitzaldia
BERMEO, Nestor Basterretxea aretoan - 2008-12-02
Erakusketak
Euskara elkarteen erakusketa
GAUTEGIZ, Kultur Etxea - 2008-11-28
© Busturialdeko Hedabideak S.L. - Atalde 17, atzealdea - BERMEO - Tel.: 94 618 72 99
Faxa: 94 688 11 93 - E-posta: busturialdea@busturialdekohitza.info
Internet Ehuntzen S.L.-k garatua
Busturialdeko Hedabideak S.L.ko kideak: Itsuki irratia (Berko Kultur Elkartea)
Busturialdean Euskaraz Bizi
Bertako Hedabideak (EKT)
eta Busturialdeko Hedabideak Kultur Elkartea: 42 gizarte eragile.